Jasangarritasunaren adierazleak neurri unitate espezifikoak dituzten parametroak dira, eta horiei esker une oro dakigu zein den udalerriaren egoera bai ingurumenari dagokionez, bai ekonomiari dagokionez eta baita ikuspegi sozialetik begiratuta ere. Tokian tokiko jasangarritasun maila neurtzen duen tresna bat da.
Askotan, adierazle bakoitzak hainbat neurri sorta du. Jarraian azaltzen dira jasangarritasun adierazleen adibide batzuk (udalerri guztientzako adierazleak IHOBEk markatutakoak dira); udalerri bakoitzak bere ekintza planerako egokienak iruditzen zaizkion adierazleak ere aukeratu beharko ditu.
Adierazle horiek Tokiko Agenda 21 prozesuetan murgildurik dauden euskal udalerri guztiek kalkulatu behar dituzte. Horrela lortuko da neurtzea eta alderatzea garapen jasangarraiari buruzko tokiko ekintza planen aurrerapen maila eta udalerrietako kudeaketaren hobekuntza, Euskal Autonomia Erkidego mailan.
Hauek dira udalerri guztientzako adierazleak:
Lurraldea eta Antolakuntza
- 1. adierazlea: Udalerrian erabilgarri dauden zona publiko irekiak eta zerbitzu publikoak.
- Adierazle honek ebaluatzen du zona publiko irekietatik eta zerbitzu publikoetatik 300 metrora edo gutxiagora bizi diren udalerriko biztanleen ehunekoa.
- 2. adierazlea: Lurzoruaren erabilera jasangarria.
- Adierazle honek jasotzen ditu lurzoruaren erabileran dagoen jasangarritasunari buruzko ikuspegi osoa ematen duten hainbat alderdi. Hainbat faktore erabiltzen dira, hala nola, artifizializatzea, lurzoru abandonatuak eta kutsatuta egon litezkeen lurzoruak.
Mugikortasuna eta Garraioa
- 3. adierazlea: Tokiko mugikortasuna eta bidaiarien garraioa.
- Adierazle honek aztertzen ditu biztanle bakoitzak egiten dituen joan-etorrien kopurua, batez besteko distantzia eta iraupena, joan-etorrien arrazoia eta erregulartasuna eta erabilitako garraiobidea.
- 4. adierazlea: Garraio azpiegituretarako erabiltzen den udalerriko azaleraren banaketa.
- Adierazle honek ebaluatzen du garraio azpiegituretarako erabiltzen den udalerriko azaleraren %, garraio motak aintzat hartuz.
Baliabide naturalak
- 5. adierazlea: Ur kontsumoa.
- Adierazle honek aztertzen du biztanle bakoitzak egun bakoitzean etxean kontsumitzen duen ura, udalerrian dagoen ur eskari guztia, udalerrian dagoen uraren banaketa sektoriala eta banaketa sareko ur galerak.
- 6. adierazlea: Energiaren kontsumoa.
- Adierazle honek aztertzen du energiaren (elektrizitatearen eta gas naturalaren) kontsumoa, etxea, udalerria eta sektore bakoitza aintzat hartuz.
Hondakinak
- 7. adierazlea: Hondakinen sorrera eta kudeaketa.
- Adierazle honek aztertzen du biztanle bakoitzak egun bakoitzean sortzen dituen hondakinak, hondakin arriskutsuen sorrera eta hondakin bakoitzarentzako kudeaketa mota.
- 8. adierazlea: Uretara eginiko isurketak.
- Adierazle honek uren kalitatea aztertzen du, ibaien kalitatearen eta ur hondakinentzako saneamendu sistemak dituzten etxebizitzen ehunekoaren ikuspegitik.
Ingurumena udalerriko jardueretan txertatzea
- 9. adierazlea: Udalerriaren ingurumen kudeaketa sistemak
- Adierazle honek ingurumen kudeaketarako sistemen inplementazio maila aztertzen du (ISO, 14001, EMAS, Ekoscan, Jasangarritasun Txostenak), enpresa handietan eta ETEetan, erakunde publikoetan eta GKEetan.
Ingurune soziala eta ekonomikoa
- 10. adierazlea: Pobrezia eta gizarte bazterketa.
- Adierazle honek aztertzen du oinarrizko errenta jasotzen duten udalerriko familien ehunekoa.
- 11. adierazlea: Langabezi tasa.
- Adierazle honek langabezian dagoen populazio aktiboaren ehunekoa aztertzen du.
- 12. adierazlea: Hiritarren asebetetzea bertako komunitatearekin.
- Adierazle honek aztertzen du hiritarrek nabari duten ongizate maila. Horretarako, asebetetze mailak jasotzen ditu (oso gustura, nahiko gustura, batere gustura ez), bai komunitatearekiko oro har bai hainbat faktore espezifikoekiko: udalerria oro har bizitzeko eta lan egiteko leku gisa, horren erabilgarritasuna eta eskuragarritasuna...
Informazio gehiago nahi izanez gero, hemen kontsulta daiteke:
Gida metodologikoa Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko sentsibilizazio adierazleak kalkulatzeko: Tokiko Agenda 21eko adierazleak, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendua eta Ingurumen Saila – IHOBE (2003).